Steady Rockets taldeak bere lehen LP-a kaleratu du: Aireratzea
Abesti propioz eta bertsio bereziz osatutako lan honetan, taldeak Jamaikako erritmoen indarra eta euskarazko mezu kritikoa uztartzen ditu. Diskoko abesti bakoitza testuinguru eta gai desberdin batetik abiatzen da. Horrela, gizartean dauden hainbat arazo salatzeaz gain, taldeak Jamaikako musikaren estilo ezberdinak erakutsi nahi ditu.
Gai horiek guztiak gure errealitatetik eta eguneroko bizipenetik sortuak dira. Gure abesti propioez gain, diskoan bi bertsio berezi ere ageri dira: Rekaldeko musikari handi baten, Kepa Junkeraren, abesti baten bertsioa, eta Lekeitioko herriaren kantu baten moldaketa. Kepa Junkerarekin auzoak batzen gaitu, eta Lekeitiorekin, berriz, taldekide batzuk bertakoak izateak.
“Aireratzea” Steady Rockets mundura aurkezteko lana da. Taldearen lehen diskoa izanik, prozesu luze baten hasiera irudikatzen du: gure soinua aurkitzeko bidaia baten lehen pausoa. Horregatik du izen hori; diskoa kaleratzen den unetik aurrera, taldeak bere aireratzea hasiko duelako.