Etxekaltek “Ez Hil Inoiz” LP berria kaleratu du
“EZ HIL INOIZ” Etxekalteren lan berriaren izenburua da. Urriak 16an kaleratuko den LP berri honetan taldeak kanpora begiratzea erabaki du, ohikoak diren metaforak alde batera utzita eta atzokoaren eta gaurkoaren arteko desberdintasunak jorratuz. Ondarearen garrantzia eta horrekiko gure jokaera izan da hemen funtsezko ildoa: Zer hartu iraganetik? Zer eman etorkizunari? Hala ere, taldearen egunerokotasuna ezin izan dute atzean utzi. Izan ere, 10 urte igaro dira taldea jaio zenetik eta hasieratik izandako bizipenen kutsua ekiditea ezinezko bihurtu zaie. Ez Hil Inoiz horrek badu zerikusia irautearekin, gorabehera guztiei aurre egin beharrezko duguna mantentzeko.

Musikari dagokionez, beti bezala energikoak izan dira konposaketan. Erritmo lasaiagoekin batzuetan baina pasioari inoiz uko egin gabe, kantu bakoitzak eskatzen duen heinean intentsitatea igota. Oraingo honetan, ekoizpenean Jon Badiola egon da buru-belarri taldearen zintzotasuna eta ukitu klasikoak, sintetizadore eta soinu modernoekin integratzen.
Esan beharra dago, kolaborazioak herriko jendearekin izan direla: Izaskun Muruaga (“Lotura” abestian) eta Bermeoko Abesbatza (“Almikeko Ama”). Azken honetan Etxekaltek kantu herrikoi hau Almike auzoko elizan grabatu du, izan ere, kantua ez dago modu digitalean lortzerik. Altxor hau iraganetik hartu eta hurrengoei emateko, agian.
