Esne Beltzak ‘Esne Bidea’ kaleratu du, bere azken diskoa
Esne Bidea deitzen da gure azken lana, keinu eginaz gure izenari, gure sorrerari: esnea ez da beltza, eta Esne Bidea ez da esnez osatutako bidea, izarrez osatutako espiral bat da, kiribilean, biribil handi bat, hasiera eta bukaerako puntarik ez duena. Espiral horren barnean bizi gara gu, gure pozekin, gure tristeziekin, eusten diegu gure ideiei, eta hedatu egiten gara, zabaldu.
Gure Galaxia ederrari deitzen zaio Esne Bidea, eta bertan dago gure Eguzki sistema; horixe irudikatu nahi izan dugu: gure musikari lagunak gertu, miresten ditugunak, distira daukatenak, ezezagun zirenak eta lagun bihurtu ditugunak. Konstelazio oso bat da musika, pentsamendua astintzen duena, bizitza sortzen duena, maitasuna. Ez da Galaxia homogeneoa, hor du bere aberastasuna; eta erdigune ahaltsu bat du, Erdigune Galaktikoa, guretzat Esne Beltza familia dena.
Modu askotara deitu dute Esne Bidea: greziarrek mitologiarekin lotuz, Galileo bezalako astronomoek zientziarekin, ibaia da arabiarrentzat, zilar ibaia txinatarrentzat... eta guretzat duela 300 urte Manuel Larramendik idatzi zuen lehen aldiz Esnabidea. Gure hizkuntza besteen parean agertu dugu, nahasi, elkartu, euskaraz aritu gara munduan zehar, Galaxia berean.
Esne Bidea izan da Gure Dantzalekua, Eskua altxa dugu Behin eta Berriz esateko hemen izan, ala Parnaso Mendian, olerkarien aberrian, poliziaren basakeriak salatuko ditugula eta herria babestuko dugula beti, herria garelako gu ere. Hori da ibili nahi dugun Bidea, espiral formakoa, gure baikortasuna eta alaitasuna bezala.
‘Esne Bidea’ Esne Beltzaren azken diskoa da, 17 urteko ibilbidea agurtzeko. Azaroaren 25etik plataforma guztietan entzungai.
Tracklist
1. Esne Bidea
2. Gure Dantzalekua
3. Altxa Eskua
4. Behin eta Berriz
5. Montparnasse
6. Fuck the Police
7. Bidea
Ekoizpena eta nahasketa: Rafa Sardina · Grabaketa: Rafa Sardina, Ian Kagey, Aitor García, Haritz Harreguy, Victor Sanchez · Estudioak: AfterHours Studio (Los Angeles), Renaissance (New York), Elkar Estudioak (Donostia), Mik Estudioa (Bera), Haritz Harreguy Studio (Usurbil) · Masterizazioa: Alex Psaroudakis · Diseinua: Granom & Co · Argazkiak: Gaizka Peñafiel, Galder Izagirre · Gonbidatuak: Unlearn the World, PUCCI, Xiberoots & Rocky Dawuni, Chambao, Flor de Toloache, Lágrimas de Sangre, Louiche Mayorga
